martes, 8 de diciembre de 2015

GAMETOEN ERAKETA

GAMETOEN ERAKETA

Ugaltze-zelulak, edo gametoak, zelula haploideak dira eta gonadetan eratzen dira, meiosiaren ondoren.

Gametoak eratzeko prozesuarei, gametogenesia deritzo. Bi gametogenesi mota daude:

-Espermatogenesia edo gameto arraren eraketa

   *Barrabiletan gertatzen da.
   *Zelula ama diploide bakoitzak, lau zelula alaba haploide sortuko ditu, hau da 4 espermatozoide.
   *Bi espermatozoidek X kromosoma izango dute, eta beste biek, Y kromosoma izango dute.






-Obogenesia edo gameto emeen eraketa:
   
   *Obarioetan gertatzen da.
   *Zelula ama diploide bakoitza lau zelula alaba haploide sortuko ditu, horiek, obulu bat eta hiru korpuskulu polar sortuko dituzte.
   *Obuluak ia zitoplasma guztia jasoko du, eta noski obulu guztiek X kromosoma izango dute.






MITOSI ETA MEIOSIAREN ARTEKO DESBERDINTASUNAK



MITOSIA ETA MEIOSIAREN ALDERAKETA




MITOSIA

MEIOSIA
Zelula somatikoetan gertatzen da

Gametoen zelula ametan soilik gertatzen da
Prozesu laburra da

Prozesu luzea da
Ez da beharrezkoa metafasean kromosomak parekatuta egotea, beraz, zelula haploide zein diploideetan gerta daiteke.
Kromosoma kopuru diploidea duten zeluletan soilik gertatzen da, beharrezkoa baita, I.metafasean, kromosoma homologoak parekatuta egotea.
Nukleoa behin soilik zatitzen da.

Bi nukleo zatiketa gertatzen dira, ondoz-ondo.
Ez da gaingurutzaketarik gertatzen.
I.profasean, kromosoma homologoen arteko gaingurutzaketa gertatzen da.

Anafasean, kromatida bikiak bereizten dira.
I.anafasean, kromosoma homologoak bereizten dira, aldiz II.anafasean, kromatidak bereizten dira.

Bi zelula alaba sortzen dira, elkarren berdin – berdinak eta bakoitzak zelula amaren kromosoma berberak ditu.
Lau zelula alaba haploide (n) sortzen dira, genetikoki desberdinak eta hakoitzak zelula amaren kromosoma kopuru erdia du.

Bideoa: mitosi-meiosi desberdintasunak




ZELULA-ZATIKETA ZELULA EUKARIOTOETAN.MEIOSIA

ZELULA-ZATIKETA ZELULA EUKARIOTOETAN

MEIOSIA

Def.: murrizketa zatiketa bat da, zelula ama diploide batetik (2n) lau zelula alaba haploide (n) sortzen baitira; hau da, zelula alaba bakoitzak, zelula amaren ADN kantitatearen erdia du. Ornodun guztietan gonadetan gertatzen da, eta eratzen diren zelulak gametoak dira.

Helburua
-Gameto haploideak sortzea da helburua, ernalketan sortzen den zigoto diploide batetik abiatuta. Horrenbestez, meiosia ezinbesteko mekanismoa da ugalketa sexuala duten organismoek kromosoma kopuruari konstante eusteko.

-Ondorengoen aldakortasun genetikoa bermatzea, kromosoma homologo pare bakoitzak informazio genetikoa trukatzeari esker

-Segregazio independente deritzon prozesuaren ondorioz, beste konbinazio batzuk sortzen dira, ama-kromosomak eta aita-kromosomak ausaz konbinatzen baitira gameto bakoitzean.

Faseak:

Meiosian, bi nukleo zatiketa gertatzen dira ondoz ondo, beraz, 4 zelula alaba haploide (n) sortzen dira, genetikoki elkarren desberdinak eta baita zelula amaren desberdinak ere.

-Interfasea: ADNa bikoiztu egiten da meiosia hasi aurretik.

-I.profasea: -Kromosomak kondentsatu eta ikusgai bihurtzen dira.
                    -Ardatz akromatikoa eratzen hasten da.
                    -Gaingurutzaketa prozesua gertatzen da: kromosoma homologoak parekatu, eta zatiak trukatzen dituzte, honek, zelula alabak eta zelula ama, genetikoki desberdinak izango direla bermatzen du.

I.metafasea: Kromosoma homologoak, binaka jartzen dira, zelularen ekuatorean.

I.anafasea: Kromosoma homologoak banandu, eta zelularen aurkako muturretara joaten dira, ardatzeko harizpiek eramanda.

I.telofasea eta zitozinesia: bi zelula alaba haploide sortzen dira, eta bakoitzak, zelula amaren kromosoma kopuruaren erdia du.



-II.profasea: interfase aldirik izan gabe (ADN bikoizketa gabe), ardatz akromatikoa eratzen hasten da berriro eta kromosomak ekuatore-plakarantz mugitzen dira.

-II.metafasea: kromosomak zelularen ekuatorean jartzen dira.

-II.anafasea: kromatidak bereizi egiten dira eta bakoitza zelularen mutur batera joaten da.

-II.telofasea eta zitozinesia: lau zelula alaba haploide (n) sortzen dira, eta bakoitzak zelula amaren kromosoma kopuruaren erdia du, eta genetikoki desberdinak dira, bai elkarren artean, baita ama zelularen desberdinak ere.





Bideoa: meiosia



ZELULA-ZATIKETA ZELULA EUKARIOTOETAN.MITOSIA

ZELULA-ZATIKETA ZELULA EUKARIOTOETAN

MITOSIA edo NUKLEOAREN ZATIKETA

Def.: zelula ama batetik, bi zelula alaba sortzen dira, elkarren eta zelula-amaren berdin berdinak, kromosoma kopuru berarekin, kopiak dira.

Helburua

  -Organismo zelulanitzetan: mitosi bidezko zelula-zatiketaren ondorioz, banakoa hazi egiten da; hain zuzen, zigoto izeneko zelula bakarraren ondoz ondoko zatiketen ondorioz. Halaber, galdutako edo hondatutako zelulak berritzeko modua da.

  -Organismo zelulabakarretan: ugalketa asexualeko mekanismoa da mitosia, eta populazio bateko banako kopurua handitzeko aukera ematen du. Kasu horretan, banakoak jatorrizko zelularen berdin-berdinak dira.

Faseak:

-Interfasea: *Nukleoa zatitzen hasi aurretik, zelularen ADNa bikoiztu egiten da eta zentrioloak ere bikoiztu egiten dira.



-Profasea: *Kromatina kondentsatu egiten da eta kromosomak sortzen ditu. 
                   *Nukleoloa eta mintz nuklearra desagertu egiten dira.
                   *Ardatz akromatikoa eratzen hasten da.

-Metafasea: *Behin kromosomak erabat kondentsatuta, zelularen erdian jartzen dira eta ekuatore plaka sortzen dute.
                     *Kromosomak, zentromerotik itsasten zaizkie ardatz akromatikoaren zuntzei.

-Anafasea: *Kromosoma bakoitzaren kromatida bikiak bereizi egiten dira eta bakoitza zelularen mutur batera joaten da, ardatz akromatikoaren harizpiek eramanda.



-Telofasea: *2 nukleolo eta 2 mintz nuklear eratzen hasten dira.
                    *Ardatz akromatikoa desagertu egiten da.
                    *Kromosomak, desantolatu eta kromatina sortzen da.

Behin nukleoaren zatiketa amaitu dela eta 2 nukleo berri sortu direla, zitoplasmaren zatiketa da azken pausoa, zitozinesia deritzo. Fase honetan, zitoplasma zatitzen hasten da, eta organuluak 2 zelula alaben artean banatzen dira. Prozesua honela gertatzen da:

-Animalia-zeluletan: zelularen ekuatorean estugune bat sortzen da, eta zitoplasma zatitu egiten da.

-Landare-zeluletan: fragmoplasto izeneko bereizketa-trenkada bat sortzen da zelula alaben artean.
                






Bideoa: mitosia

Animazioa:

domingo, 6 de diciembre de 2015

ZELULA-ZIKLOA

ZELULA-ZIKLOA

Def.: zelula batean gertatzen diren aldaketen segida da. Zikloa zelula sortzen denean hasten da, eta zatitu eta bi zelula alaba sortzen direnean amaitzen da.

Zelula eukariotoen zelula-zikloan, 2 fase daude:

- Interfasea edo zatiketarik gabeko fasea: hasierako fasea, iraupen luzekoa. Fase horretan, zelula-nukleoa ikus daiteke, nukleo interfasikoa. Zelula hazi egiten da eta hainbat funtzio egiten ditu. Fase honen amaieran, ADNa bikoiztu edo erreplikatu egiten da. Hori beharrezkoa da, zatiketaren ondoren zelula alaba bakoitzak zelula amak zuen ADN kantitate bera jasotzeko.

-Zatiketa-fasea edo M fasea: azken fasea da eta gutxi irauten du. Fase horretan, nukleoa desagertu, eta kromosomak sortzen dira. Nukleoaren zatiketa (mitosia) gertatzen da, baita zitoplasmarena ere (zitozinesia).


KARIOTIPOA

KARIOTIPOA

Def.: espezie baten kromosoma multzoa da kariotipoa.

Kariotipoan, 2 kromosoma mota daude:

-Heterokromosomak edo sexu-kromosomak: oso desberdinak elkarrengandik eta sexua zehazten dute. Bati X esaten zaio eta besteari Y. Gizakion kasuan, emakumeak XX dira, 2 X kromosoma dituztelako, eta gizonak XY dira, X eta Y kromosoma bana dutelako.

-Autosomak: gainerako kromosomak dira, eta berdin berdinak dira bi sexuetan.


Gizakiok 46 kromosoma ditugu zelula somatiko (ugaltze-zelulak ez direnak) bakoitzean. Horietatik 22 pare autosomoak dira, eta pare 1, sexu-kromosomak.  2n= 46, diploideak dira zelula somatikoak.


Aldiz, gizakiok, ugaltze-zeluletan (espermatozoide eta obulua), 23 kromosoma ditugu, horietatik 22 autosomak dira eta 1 sexu-kromosoma. n=23 , ugaltze-zeluak haploideak dira.


Idiograma: zelula baten kromosoma multzoaren adierazpena eta antolamendua, kromosoma homologo paretan, formaren eta tamainaren arabera.

GIZA KROMOSOMEN IDIOGRAMA


KROMOSOMAK

KROMOSOMAK

Def.: zelula-zatiketan sortzen diren harizpi-itxurako egiturak dira. ADNzko kateak dira, kate horiek oso biribilkatuta daude, eta zenbait proteina elkartzen zaizkie.

Funtzioa: ADNan dagoen informazio genetikoa zelula amatik zelula alabetara transmititzeaz arduratzen dira.

Osagaiak: - 2 kromatida bikiak  
                  - bi kromatidak lotzen dituen zentromeroa

Kromatida biki bakoitzean kromatina kondentsatutako molekula bana dago, bata bestearen identikoa. Kromatida bakoitzak 2 beso ditu, luzera berdinekoak ala desberdinekoak.


Kromosoma kopurua:

-Organismo haploideak (n): kromosoma sorta bakarra dute beren zeluletan. n letrak zelula bakoitzean zenbat kromosoma mota dauden adierazten du. Adib. n=3, zelula horrek 3 kromosoma mota izango ditu.

-Organismo diploideak (2n): kromosoma kopuru bikoitia dute beren zelula somatikoetan (ugaltze-zelulak ez direnak). Kromosoma horiei kromosoma homologoak deritze, eta bakoitza guraso baten gametotik dator. Adib. 2n=6, zelula horrek 3 pare kromosoma desberdin izango ditu.


Kromosoma motak: zentromeroaren kokapenaren arabera, 4 mota daude:


Bideoa: kromosomak




ZELULA-NUKLEOA

ZELULA-NUKLEOA

Funtzio nagusia: zelularen informazio genetiko gehiena biltzea da, ADNan.

Nukleoaren osagaiak:

-Nukleo-bilgarria: kanpo eta barne-mintzez osatuta dago. Kanpo mintza EE-kin lotuta dago. Bi mintzetan poroak daude, horrela nukleo zein zitoplasmak substantziak ematen dizkiote elkarri.

-Nukleoplasma: barne-ingurune urtsua da, eta haren barruan, nukleoaren gainerako osagaiak daude. Bertan nukleoaren ADNa erreplikatu egiten da (bikoiztu).

-Nukleoloa: korpuskulu biribila, mintzik gabea, eta zelula zatiketa prozesuan ez dagoenean soilik ikus daiteke. Funtzio nagusia erribosomak eratzea da. Zelula batek nukleolo bat baino gehiago izan ditzake.

-Kromatina: zenbait kondentsazio-mailatan dauden ADNzko harizpiz osatuta dago, eta harizpi horiek proteinekin lotuta daude. Zelula zatitzen hasi baino lehen, kromatinazko harizpiak antolatu eta kondentsatu egiten dira, kromosoma izeneko egitura lodiagoak eratzeko. Zelulak zenbat kromatinazko harizpi izan, hainbat kromosoma izango ditu nukleoa zatitzen denean.






Bideoa: zelula-nukleoa